Aerotermia enpresaren errentagarritasunerako aukera aztertzeko jardunaldia
- Azaroaren 18an izango da, eta jardunaldian zehar aerotermiak eskaintzen dituen aukerak ezagutaraziko dira, amortizazio azkar batekin eta aldi berean emisioak murriztuz kostuak aurrezteko irtenbide gisa.
Donostia, 2024ko azaroaren 5ean.- Gipuzkoako Ganberak, Iberdrolarekin elkarlanean, aerotermiak enpresetan karbonogabetzeko eta kostuak optimizatzeko tresna gisa dituen abantailak aztertzeko jardunaldi bat antolatu du datorren azaroaren 18an, astelehena. Jasangarritasuna ardatz hartuta, jardunaldian aerotermiak emisioak murrizten eta errentagarritasuna hobetzen laguntzeko eskaintzen dituen aukerak aztertuko dira.
Adituek eta enpresek esperientziak eta arrakasta-kasuak partekatuko dituzte, eta agerian jarriko dute nola aerotermia-teknologiak aukera ematen duen kostuak nabarmen aurrezteko amortizazio azkar batekin, eta hori funtsezko abantaila da gaur egungo testuinguru ekonomikoan.
Saioa 11:00etan hasiko da, Mauricio Arregui Gipuzkoako Ganberako presidentearen irekierarekin. Saioan, Iker Urrutia i-DE Gipuzkoako eskualde-buruak sare elektrikoek elektrifikazioan duten paperaz hitz egingo du, eta Jesús Mª Casado EEEko Proiektuen Garapeneko Saileko buruak, berriz, bero-ponpak deskarbonizazio-prozesuan dituen abantailak azalduko ditu. Ondoren, Smart Solutions Iberdrola Clientes enpresako Alberto Sotak gaur egun merkatuan dauden aerotermia irtenbide berritzaileak aurkeztuko ditu.
Jardunaldia amaitzeko, Alberto Pérez de Cirizak moderatuko duen aditu-talde batek parte hartuko du. Bertan, Instagi (instalatzaileak), Balantia (subjektu delegatua) eta Mitsubishi Electric (fabrikatzailea) enpresetako ordezkariek hartuko dute parte, eta teknologia horiek ezartzeko erronkak eta aukerak aztertuko dituzte.
Ekitaldia berokuntza, klimatizazio eta eraginkortasun energetikoaren sektoreko profesionalei zuzenduta dago, baita horrelako inbertsio jasangarrietan interesa duten beste sektore batzuei ere. Jardunaldira joateko gonbidapena hoteletako, ospitaleetako, egoitzetako, kirol-zentroetako, finka-administratzaileetako eta arkitektoetako ordezkariei ere zuzenduko zaie; izan ere, sektore horietan, aerotermia ezartzeak energia-aurrezpenari eta emisioen murrizketari dagokienez alde nabarmena eragin dezake.
Jardunaldi honekin, Gipuzkoako Ganberak eta Iberdrolak jasangarritasunarekin duten konpromisoa indartzen dute, enpresetan teknologia garbien erabilera sustatuz eta enpresan kostuak murrizten lagunduz.
