-
Egoera:Irekia
-
Arloa:
-
Administrazio publikoa edo erakunde laguntzailea:Gipuzkoako Foru Aldundia
Gipuzkoa Prestatzen nazioarteko potentziala duten Gipuzkoako ETEei zuzendutako programa da. Atzerriko merkatuetan lehen urratsak modu planifikatuan eta mailakatuan emateko prestatu nahi ditu.
Programa honen bidez, enpresek beren barne-gaitasunak aztertu, nazioarteko potentzial handiena duten produktu edo zerbitzuak identifikatu, merkataritza-aukerak baloratu eta aztertzea merezi duten merkatuak hautatu ahal izango dituzte.
Prestaketa-fase honi esker, ziurgabetasuna murriztu eta nazioartekotzean inbertsioak egin aurretik erabaki arrazoituak har daitezke. Gainera, Gipuzkoa Zabaltzen bezalako ekimen aurreratuagoetan parte hartzeko aukera errazten du.
Zertan datza programa?
Metodologia praktiko baten bidez eta nazioartekotzean aditua den pertsona baten laguntzarekin, enpresa bakoitzak atzerriko merkatuetan jarduteko duen potentzialaren lehen ebaluazioa egingo du.
Honako alderdi hauek aztertuko dira, besteak beste: enpresaren prestaketa-maila, eskaintzaren lehiakortasuna eta egokitzeko gaitasuna, izan daitezkeen bezeroak eta haiengana iristeko bideak, eta potentzial handiena duten merkatuak.
Programa amaitzean, enpresak hasierako orientabide bat izango du nazioarteko estrategian aurrera egiteko: balio-proposamen bat, lehentasunezko merkatuen hautaketa, haietan sartzeko bide posibleak eta hurrengo urratsen ibilbide-orria.
Metodologia
Programa nazioartekotzean aditua den pertsona batekin egindako lan-saioen bidez gauzatuko da. Pertsona horrek enpresari lagunduko dio alderdi hauek aztertzen:
- Atzerriko merkatuetan jarduteko barne-gaitasunen ebaluazioa.
- Nazioarteko potentzial handiena duen produktu edo zerbitzua identifikatzea.
- Nazioarteko merkatuetara egokitutako lehen balio-proposamena zehaztea.
- Izan daitezkeen bezeroak eta haiengana iristeko bideak identifikatzea.
- Merkataritza-aukera eta -oztopo nagusiak aztertzea.
- Lehen azterketa egiteko lehentasunezko merkatu bat edo bi hautatzea.
- Merkataritza-materialetan, hizkuntzetan, presentzia digitalean, dokumentazioan, logistikan eta barne-baliabideetan egin beharreko egokitzapenak hautematea.
- Identifikatutako merkataritza-aukerak prestatu eta baliozkotzeko hurrengo urratsak zehaztea.
Norentzat da?
Gipuzkoa Prestatzen nazioartekotzeko potentziala duten Gipuzkoako ETEei zuzenduta dago. Oraindik ez dute esportazio-oinarri sendorik, eta nazioarteko dibertsifikazioko programa aurreratuagoetan parte hartu aurretik prestatu behar dute.
Bereziki, salmentak tokiko, eskualdeko edo estatuko merkatuetan biltzen dituzten enpresei zuzenduta dago. Halaber, esportazio-jarduerarik ez duten edo jarduera hori noizbehinkakoa, erreaktiboa edo txikia duten enpresei zuzentzen zaie; erreferentzia gisa, fakturazioaren % 10etik beherako bolumena hartzen da.
Programan parte hartzeko, enpresek baldintza hauek bete beharko dituzte:
- Nazioarteko merkatuetan jarduera garatzeko potentziala izatea.
- Zuzendaritzaren konpromisoa izatea prozesua bultzatzeko.
- Programan parte hartuko duen solaskide bat izendatzea.
- Lan-saioetara joateko eta, ondoren, proposatutako gomendioak lantzeko prestasuna izatea.
Izena ematea
Parte hartu nahi duten enpresek izena emateko orria betez aurkeztu ahal izango dute eskaera.
Izen-ematearen hurrenkeraren arabera esleituko dira plazak. Aurreikusitako plaza guztiak bete ondoren jasotako eskaerak dagokion batzordeak aztertuko ditu.

-
943 000 295
-
Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.