• Hasiera
  • Prentsa
  • Albisteak
  • Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateak eta Gipuzkoako Bazkundeak amaiera emango diote MBA Executive masterraren XII. Edizioari

Albisteak

Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateak eta Gipuzkoako Bazkundeak amaiera emango diote MBA Executive masterraren XII. Edizioari

  • Gipuzkoako Bazkundeko lehendakaria, Pedro Esnaola, eta Mondragon Unibertsitateko Errektorea, Vicente Atxa, tituluen banaketaren buru izango dira gaur.
  • 13 urte hauetan, 250 pertsona inguruk egin dute MBA Executive
  • MBA Executive 520 ordukoa da, urtebetez eman da Gipuzkoako Bazkundearen egoitzan.

Donostia, 2022ko maiatzaren 26a - Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateak eta Gipuzkoako Bazkundeak amaiera emango diote gaur arratsaldean MBA Executive masterraren XII. edizioari, bi erakundeek 2009an martxan jarri zutena. 13 urte hauetan, 250 pertsona inguruk egin dute MBA Executive hori, eta gaur arratsaldean 16 diploma emango zaizkie ikastaroa gainditu duten tituludun berriei.

Arratsaldeko ekitaldia Gipuzkoako Bazkundean egingo da 18:30ean, eta Pedro Esnaolak emango dio hasiera, Gipuzkoako Bazkundeko lehendakariak. Gero, masterreko bi ikaslek hartuko dute hitza, eta bertan izan duten esperientzia kontatuko dute. Horren ondoren, Izaskun Larrañagak, Lacor-IBILI Taldeko kontseilari delegatuak, hitzaldia eskainiko die bertaratuei; izan ere, bere enpresak Gipuzkoako Enpresa Saria jaso du 2022an. 19:30ean, diplomak banatuko zaizkie masterra gainditu duten 16 ikasleei, eta Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektoreak emango dio amaiera ekitaldiari.

 

Ikasleak

Tituludun berriek 30 eta 44 urte bitarte dituzte eta industria-sektoreko nahiz zerbitzu-sektoreko enpresetan lan egiten dute (15 langile edo 250 baino gehiago dituzten enpresetan), erantzukizuneko lanpostuetan. Horiek guztiek esperientzia profesional zabala eta aldez aurretiko prestakuntza akademiko anitza dute Industria Ingeniaritzan, Antolakuntzan, Telekomunikazioetan, Prozesu eta Produktuen Berrikuntzan, Arkitekturan, Politika Zientzietan, Ingurumen Kimikan eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan, beste sektore batzuen artean. Ikasleek eskola-orduak izan dituzte enpresaren esparru funtzionalak ikasteko (Finantzak, Estrategia, Marketina, Eragiketak, Berrikuntza, Pertsonak), eta zuzendaritza- eta lidergogaitasunak ere landu dituzte egoitza-egonaldietan. Denboraldi horretan, diziplina anitzeko irakasle-talde bat izan dute ondoan, unibertsitatearen, aholkularitzaren eta enpresaren ikuspegiak eta esperientziak uztartuz.

 

Helburuak

MBA Executive pertsonen eraldaketara bideratutako programa bat da. Erabakiak hartzeko, taldean lan egiteko, eta proiektuen eta pertsonen buru izateko gaitasunak sustatzea du helburu, jarrera pertsonal eta profesional gisa berrikuntza eta aldaketa sustatuz. Gainera, enpresen eta enpresa-kudeaketaren ikuspegi integral eta sistemikoa eskaintzen du arlo garrantzitsu guztietan. MBA Executive masterraren beste helburuetako bat da erakundearen funtzioak kudeatzeko aukera ematen duten kontzeptuak eguneratzea eta indartzea, betiere nazioarteko eta kultura-arloko testuinguruen aniztasuna kontuan hartuta.

 

Balorazio positiboa

Gipuzkoako Bazkundeak eta Mondragon Unibertsitateak oso balorazio positiboa egin dute Masterraren XII. edizioari dagokionez. 13 urte hauetan dagoeneko 250 profesional inguru prestatu dira MBA horren ikasgeletan, eta bi erakundeek elkarrekin lan egiten jarraitzeko apustua egin dute, aktibo dauden profesionalak prestatuz, lurraldeko enpresa-ehuna indartzeko. Dagoeneko ireki da edizio berrian izena emateko epea. Edizio hori urriaren 21ean hasiko da, eta online eta aurrez aurreko saioak antolatuko dira, programari buruzko xehetasun gehiago emateko eta mota guztietako zalantzak argitzeko.

 

Informazio gehiago:

Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.

943 000 310 / 688 884 347

Cámara de Gipuzkoa Avda. de Tolosa, nº 75 - 20018 Donostia-San Sebastián Tel. +34 943 00 03 00 - info@camaragipuzkoa.com