Gipuzkoako Bazkundeak AMPO izendatu du 2024ko Gipuzkoako Enpresa 2024
Wavegarden, Salva Industrial, MLAKOOP eta CIMICO ere bereizi ditu erakundeak, Gipuzkoako Enpresa Sarien aurtengo edizioaren testuinguruan
Donostia - 2024ko apirilaren 19a - Gipuzkoako Bazkundeak AMPO kooperatiba izendatu du gaur 2024ko Gipuzkoako Enpresa bezala, Gipuzkoako Enpresa Sariak emateko ekitaldian. Egoitza Idiazabalen duen kooperatibaz gain, lehiaketaren hogeita hamabigarren edizioak Gipuzkoako beste lau konpainia ere saritu ditu: Wavegarden, Enpresa Nazioartekotzea saria jaso duena; Salva Industrial, ETE Enpresa Industrialari saria jaso duena; MLAKOOP, Zerbitzu Enpresa saria jaso duena; eta CIMICO, Berrikuntza Enpresa kategorian saritua. Gipuzkoako Bazkundearen ustez, saritutako enpresak, bi kooperatiba, ekintzailetzatik sortutako bi konpainia eta familia-enpresa bat, lurraldeko enpresa-sarearen izaera eta indarraren ordezkaritza bikaina dira.
Ekitaldia Donostian egin da, Gipuzkoako Bazkundearen egoitzan, eta Banco Sabadellek babestu du. Topaketan lurraldeko erakunde, gizarte eta ekonomia munduko 300 ordezkari baino gehiago izan dira, besteak beste, Eider Mendoza, Gipuzkoako diputatu nagusia; Eneko Goia, Donostiako alkatea; eta Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua. Gipuzkoako Enpresa Sariak ekimenaren helburua Gipuzkoako konpainiek lurraldearen garapen ekonomikoari eta gure gizartearen ongizateari egiten dioten ekarpena aitortzea da.
Ekitaldian Mauricio Arregui Gipuzkoako Bazkundeko presidenteak hartu du hitza, eta saritutako enpresak zorionduz hasi du bere hitzaldia. "Gure lurraldean ditugun ezkutuko txapeldun guztiei" ere egin nahi izan die aitorpena. Bere esanetan, hauek oso gutxitan jasotzen dituzte errekonozimenduak, baina egunero lan egiten dute lurraldearentzat "lanpostuak, aberastasuna eta ongizatea sortzen".
Era berean, Gipuzkoak gaur egun duen garapen ekonomikoa eta ongizate mailara iristea ahalbidetu duten balio profesional eta enpresarialak aldarrikatu ditu Arregik, hala nola lana, konpromisoa, esfortzua, elkartasuna edo izaera ekintzailea. Horrela, munduak eta, bereziki, Gipuzkoako ehun ekonomikoak dituzten erronkei aurre egiteko formularik eraginkorrena direla defendatu du. "Balio horiek egin dute gaur egungo Gipuzkoa, eta etorkizunera begira ere lurralde aurreratua eta lehiakorra izaten jarraitzeko bermea dira", azpimarratu du.
Bazkundeko presidenteak konfiantza eta baikortasun mezua zabaldu nahi izan du, eta akordioaren eta lankidetza publiko-pribatuaren aldeko apustua berritu du, lurraldeak dituen eta etorkizunean izango dituen erronkei erantzuteko erreminta gisa. Honela, hainbat tendentzia handi izan ditu hizpide, hala nola zahartze demografikoa, trantsizio energetikoa edo eraldaketa digitala, eta ohartarazi du, egungo testuinguruan, Gipuzkoak eta Europak lehiakortasun ekonomikoaren trena galtzeko arrisku larria dutela. "Nazioarteko agertoki konplexu honetan egiturazko erronka horiei aurre egiteko, premiazkoa da ibilbide ertain eta luzeko adostasun-akordioak bilatzea; lurralde-, herrialde-, estatu- eta baita Europar Batasuneko akordioak ere, inbertsioa eta garapen ekonomiko eta industriala sustatzeko”, nabarmendu du.
Arreguik azpimarratu du lankidetza publiko-pribatua ere "nortasun-zeinua dela hemen, Gipuzkoan", eta nabarmendu du, duten izaera juridiko eta helburuagatik, Merkataritza Ganberak aipatutako lankidetza publiko-pribatu horren "erakusle onak" eta "funtsezko eragileak" direla. "Horregatik, zeregin aktiboa hartzen dugu soluzioak bilatzeko ahalegin horretan, administrazio publikoei eskua luzatuz eta lurraldeko ehun ekonomikoaren konfiantzazko aliatu gisa posizionatuz", aldeztu du. Bukatzeko, Bazkundeak "Gipuzkoaren aurrerapenarekin" duen konpromisoa berritu du, eta lurraldearen "hazkunde eta garapen ekonomikoa sustatzeko gure lanean" jarraitzeko asmoa azpimarratu du.
SARITUTAKO ENPRESEN ERRESEINA
1. GIPUZKOAKO ENPRESA SARIA: AMPO
AMPOk, Goierriko enpresa kooperatiboak, Gipuzkoako Enpresa 2024 saria jaso du. AMPOk 60 urteko historia beteko du 2024an, bezeroekin konfiantzan eta gaitasun teknologikoan oinarritutako harremana, nazioarteko posizio dibertsifikatua eta agertoki berrietara egokitzeko gaitasun frogatua finkatzea lortu duen pertsonengan oinarritutako enpresa-proiektu batean lan eginez.
170 milioi euro baino gehiagoko fakturazioarekin eta 1.000 pertsona inguruko pertsonalarekin, enpresak balio erantsi handiko ingeniaritzako soluzioak eskaintzen ditu, non jarduera nagusia tamaina handiko balbulak eta muturreko baldintzetan lan egiteko prestaturiko prestazio handiak diseinatzea eta fabrikatzea den. Azken urteotan berrikuntzan eta garapenean egindako ahalegin handiari esker, AMPOk neurrira egindako soluzio adimentsuagoak eta integralagoak eskaini ahal izan dizkie bezeroei. Bigarren negozio-unitatea piezen galdaketa eta mekanizazioa da, eta hirugarren lerroa, oso modu garrantzitsuan hazten ari dena, saldu osteko Laguntza Teknikoko Zerbitzuaren bidezko zerbitizazioa da.
Era berean, AMPO nabarmendu behar da oso enpresa internazionalizatua delako, bai ekoizpenari dagokionez, bai salmentei dagokienez. Bezero nagusiak nazioarteko petrolio-, gas- eta meatze-konpainia handiak dira. AMPOk gaur egun bere produkzioaren % 98 esportatzen du bost kontinenteetako merkatuetara (esportazioen % 70 Europatik kanpokoak dira), eta horien artean Estatu Batuak, Txina, Japonia, Hego Korea, India, Ekialde Ertaina, Australia eta Europako herrialde gehienak nabarmentzen dira. Bost planta dituzte, eta horietatik hiru Kazakhstanen, Saudi Arabian eta Indian daude.
2. ENPRESEN NAZIOARTEKOTZE SARIA: WAVEGARDEN
Aizarnazabalen dagoen Wavegarden enpresak Enpresa Nazioartekotzea Saria jaso du. Sari honek ikuspegi globala duen enpresa-proiektu bat aitortu nahi izan du, pasioa, izaera ekintzailea, jasangarritasuna eta espiritu berritzailea bezalako balioetan oinarritzen dena. Wavegarden mundu mailan ezaguna da olatu artifizialak sortzeko teknologia berritzailea garatu duelako. Horrela, surf-parkeak bezalako sektore berri bat sortu du, azkar hazten ari dena eta bere ahalmen eraldatzaileagatik espektatiba handiak sortzen dituena. Bi urtean bere fakturazioa bikoiztu du, 40 milioi euroraino, eta horietatik % 95 nazioarteko salmentei dagokie. Enpresa-ekimen hau duela 10 urte hasi zen amets bati jarraiki, eta gaur egun 75 lanpostu kualifikatu baino gehiago sortu ditu.
Nazioartekotzea konpainiaren DNAren parte da. 2020ko Tokioko Joko Olinpikoetan surfa kirol olinpiko bihurtu zenetik, Wavegarden-en moduko entrenamendu-instalazioen eskaria etengabea eta gero eta handiagoa da. Gaur egun zortzi instalazio dituzte martxan lau kontinentetan, eraikuntza-fasean dauden 11 proiektutan lan egiten du eta berrogeita hamar proiektutik gorako eskabide-zorroa du.
Instalazio irekiak herrialde hauetan daude: bi Brasilen, beste bi Australian, eta azpiegitura bana Suitzan, Hego Korean, Erresuma Batuan eta Espainian. Joan den apirilaren 16an inauguratu zuen bere azken instalazioa, Sidneyn (Australia), eta bezero berak kontratatutako bigarren azpiegitura da.
3. ETE ENPRESA INDUSTRIALA SARIA: SALVA INDUSTRIAL
ETE Enpresa Industriala saria SALVA Industrialek jaso du aurten. Lezon kokatutako hirugarren belaunaldiko familia enpresa honek lurraldearekin duen lotura bere nortasun-ezaugarrietako bat da. Berrikuntza eta produktuaren hobekuntza etengabea izan da SALVAren historian, eta sektoreko lider teknologikoetako bat izateko aukera eman dio nazioartean.
Kanpora bideratutako salmentak % 70 dira eta, ondorioz, nazioartekotzea da konpainiaren funtsezko ezaugarrietako bat. Bere jarduera komertziala Frantzian, Erresuma Batuan, Ekialde Ertainean eta Mexikon kokatutako lau filialen bidez hedatzen da, baita interes komertzial handieneko herrialdeetako bulego komertzialen bidez ere. Horrela, SALVA Industrialeko taldeak aurki ditzakegu bost kontinenteetan, munduko merkatuari heltzeko eta bezeroei erantzun azkarra eta eraginkorra emateko gaitasuna erakutsiz.
40 milioiko urteko fakturazioarekin eta 200 pertsonatik gorako plantillarekin, berrikuntza SALVAren identitatearen parte da. Produktuak hobetzeko eta merkatura irtenbide berriak ateratzeko ahalegina etengabea da, eta horrek inbertsio teknologiko handia eskatzen du puntako konponbideak izateko. Enpresa Gipuzkoako beste enpresa batzuekin lankidetzan aritzeagatik ere nabarmentzen da, merkatu-aukerak lortzeko, batez ere nazioartean.
4. ZERBITZU-ENPRESA SARIA: MLAKOOP
MLAKOOP enpresak Zerbitzu Enpresa saria jaso du. Mondragon Lingua eta Alecop, MONDRAGON Korporazioari lotutako bi kooperatibak bat egitearen ondorioz sortzen da enpresa. Arrasaten dago MLAKOOP, eta prestakuntza eta hizkuntza-zerbitzuen alorreko enpresentzako neurrira egindako soluzio, zerbitzu eta produktuetan aditua da. 320 pertsonako plantillarekin eta 20 milioi eurotik gorako fakturazioarekin, kooperatiba honek bere jarduera merkatu global eta nazioartekotu batean garatzen du.
Bere hizkuntza-zerbitzuetarako 3.000 itzultzaile laguntzaile ditu, horietatik 300 ohiko laguntzaileak, eta 50 hizkuntzatan lan egiteko gaitasuna du. Euskadin, Madrilen eta New Yorken ditu bulegoak. Bere bezeroen artean gobernu-enpresak daude. Gainera, 10.000 ikasleri baino gehiagori hizkuntzetan aurrez aurreko prestakuntza ematen die Euskadiko akademietan edo online formatuetan.
Prestakuntzari dagokionez, 400 irakasle eta 3000 ikasle baino gehiago dituen eta Mexikon dagoen Unibertsitatea kudeatzen du. Gainera, ekipamendu didaktikoko eta prestakuntza-aholkularitzako proiektuak garatzen dizkie hainbat herrialdetako erakundeei, batez ere Latinoamerikan eta Marokon, bai eta gure inguruko enpresa pribatuei ere.
5. BERRIKUNTZA ENPRESA SARIA: CIMICO
Berrikuntza Enpresa saria CIMICOrentzat izan da aurtengoan, uren tratamendu biologikoen modelizazioan, diseinuan eta hobekuntzan espezializatutako konpainiarentzat. Aitorpen honen bidez, Gipuzkoako Bazkundeak ezagutza eta ospe zientifikoari balioa emateko duen gaitasuna aitortu nahi izan du eta bere garapenerako beharrezko baliabideak bereganatzen dituen enpresa-proiektu batean aplikatzeko duen gaitasuna. Ezagutza zientifikoa, teknologia eta bultzada ekintzailea uztartzen dituen erakusle bat.
CIMICOren balio-proposamenaren oinarria da tratamendu biologikoko instalazio klasikoak baino trinkoagoak diseinatzeko gaitasuna, tratamendu-gaitasuna bikoiztu edo hirukoiztu eta oxigeno-kontsumoa optimizatzen baitute. Aurreztea funtsezko faktorea da CIMICOrentzat, zehazki espazioa aurreztea, tratamendu-planta trinkoagoak eraikitzea ahalbidetzen baitu. Horrek esan nahi du instalazio bakoitzeko inbertsioa % 20ra murrizten dela eta urak tratatzeko instalazioetan energia asko aurrezten dela, sistema aireztatzeko eskakizunak murrizten baitira.
Lehen kontratua 2021eko irailean lortu ondoren, CIMICOk iaz milioi bat euro inguruko fakturazioarekin eta 25 pertsonako plantillarekin itxi zuen urtea.
Para más información:
Jone Lacunza
Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.
943 000 310 / 688 884 347
