• Hasiera
  • Prentsa
  • Albisteak
  • Ezkio-Itsasoko lotunea babestu du Gipuzkoako Bazkundeak, Nafarroa AHTrekin konektatzeko

Albisteak

Ezkio-Itsasoko lotunea babestu du Gipuzkoako Bazkundeak, Nafarroa AHTrekin konektatzeko

Erakundeak bere kezka adierazi du, Gobernu espainiarraren ordezkariek berriki egin dituzten adierazpenak direla eta 

Donostia / San Sebastián – 2024ko uztailak 18 – Abiadura Handiko Trenaren (AHT) aurreikusitako ibilbidea errespetatzeko eskatu dio gaur Gipuzkoako Bazkundeak Gobernu espainiarrari, eta Ezkio-Itsasoko lotunea aldarrikatu du burdinbidea Nafarroarekin lotzeko. Erakundeak, lurraldeko industria, merkataritza, nabigazio eta zerbitzuen interes orokorren ordezkari, sustatzaile eta defendatzaile den heinean, AHT azpiegitura estrategikotzat jotzen du Gipuzkoarentzat. Ondorioz, euskal Y-aren eta Nafarroaren arteko loturak Gipuzkoan egon behar duela aldezten du, proiektatuta dagoen modura. 

Honela, Gipuzkoako Bazkundeak bere kezka adierazi nahi du, berriki Gobernu espainiarreko Garraio eta Mugikortasun Jasangarrirako ministro den Oscar Puentek egin dituen adierazpenen harira. Honen esanetan, “egingarriagoa” litzateke aipatutako lotunea Gasteizen bitartez egitea. Bazkundearen ustetan, euskal Y funtsezko azpiegitura da etorkizuneko Gipuzkoak lurralde erakargarri eta lehiakorra izaten jarrai dezan. Hori dela eta, etorkizuneko bisioa eskatu du, abiadura handiko trena gauzatzeko prozesuan sortu daitezken zailtasun tekniko edota kudeaketa arazoak gainditzeko

Ezkio-Itsasoko lotuneak hainbat abantaila eskaintzen ditu, eta horietan jarri du azpimarra erakundeak. Lotura honi esker, Donostia eta Iruña arteko bidaia 44 minutu eskasetan egingo da. Aldiz, Vitoria-Gasteizko lotunearen bitartez bidaia berdina 69 minutukoa litzateke. Hau da, Ezkio-Itsasoko lotuneak 25 minutu aurreztea ekarriko luke Donostia eta Iruña arteko ibilbidean. Bazkundeak nabarmendu duenez, kontu honek berebiziko garrantzia du AHT bezalako azpiegitura baten kasuan, pertsona eta merkantzien lekualdaketetan denbora murriztea baitu helburu. 

Cámara de Gipuzkoa Avda. de Tolosa, nº 75 - 20018 Donostia-San Sebastián Tel. +34 943 00 03 00 - info@camaragipuzkoa.com