• Hasiera
  • Prentsa
  • Albisteak
  • Gipuzkoako Ganberak eta UPV/EHUk Gipuzkoako fiskalitatean espezializatzeko programa bat abiarazi dute profesional eta graduatuentzat

Albisteak

Gipuzkoako Ganberak eta UPV/EHUk Gipuzkoako fiskalitatean espezializatzeko programa bat abiarazi dute profesional eta graduatuentzat

2025ko martxoaren 21a.- Gipuzkoako Ganberak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) abian jarri dute Gipuzkoako Fiskalitatean Unibertsitate Espezializazio Programa, graduatu berri diren ikasleen eta lurraldeko zerga arloko profesionalen gaikuntza hobetzeko diseinatutako graduondoko berria. Urrian hasi eta hurrengo urteko ekainera arte luzatuko den programa Gipuzkoako Ganberaren instalazioetan emango da, eta sektore pribatuko akademikoek eta adituek osatutako irakasle-talde bat izango du.

30 ECTSko programa honek fiskalitateari buruzko prestakuntza integrala eskaintzen du, Gipuzkoako lurraldeko zerga nagusiak, zerga araudia eta enpresen eta pertsonen plangintza fiskala landuz. Gainera, ikasten dutenek Ekonomia Ituna eta nazioarteko harmonizazio fiskalaren joerak aztertuko dituzte, ikuspegi teorikoa eta eskuratutako ezagutzen aplikazio praktikoa uztartuz.

Ikastaroa Zuzenbideko, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako (EAZ), Ingeniaritzako edo Lan Harremanetako graduatu berriei eta zerga arloko ezagutzak eguneratu nahi dituzten jarduneko profesionalei zuzenduta dago. Saioak astearte eta ostegunetan egingo dira, 15:00etatik 20:00etara, Gipuzkoako Ganberaren eraikinean, Ibaetako kanpusaren parean.

Gipuzkoako Ganberaren eta UPV/EHUren arteko lankidetzak fiskalitateko espezialisten eskaera gero eta handiagoari erantzuten dio, lurraldeko enpresa sarea garatzeko funtsezko eremua baita. “Programa honen bidez, prestakuntza praktiko eta espezializatu bat eskaini nahi dugu, parte hartzaileen enplegagarritasuna handitzeko eta enpresen gaitasunak indartzeko etengabeko bilakaeran dagoen ingurune fiskal batean”, adierazi du Ioana Vadillok, graduondo horren arduradunak, Gipuzkoako Ganberako Ezagutzaren Kudeaketa Departamentuan.

Izen-emateak zabalik daude plaza mugatuekin eta Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. helbide elektronikoaren edo 943 000 278 telefono zenbakiaren bidez egin daitezke.

Cámara de Gipuzkoa Avda. de Tolosa, nº 75 - 20018 Donostia-San Sebastián Tel. +34 943 00 03 00 - info@camaragipuzkoa.com