• Hasiera
  • Prentsa
  • Albisteak
  • «Merkataritza-sektoreak lurraldeari egiten dion ekarpena ezezagun handia da»

Albisteak

«Merkataritza-sektoreak lurraldeari egiten dion ekarpena ezezagun handia da»

Amalur Anguiozarrek Gipuzkoako merkataritzak bizi duen unea aztertzen du, eta gogorarazten du Gipuzkoako Ganberak zerbitzu eta programa ugari dituela merkatariei sektoreak dituen erronkei aurre egiten laguntzeko.

ArticuloAmalur DV COMERCIOS GUIPUZCOANOS 2025

 

Zein egoeratan dago Gipuzkoako merkataritza?
Sektorea eraldaketa betean dago, iraultzan, eboluzioan eta merkatuaren eskakizun eta joko-arau berrietara egokitzapenean. Erosketa-ohitura berriak, belaunaldi-erreleboa –beste sektore ekonomikoetan gertatzen ari den bezala–, eta merkataritzan ere indartuko dena, besteak beste, egokitzapena eskatzen duten aldagaien artean daude. Beraz, sektoreak erronka handia du aurrean, ahalegina eskatzen duena, baina aldi berean aukera bat ere bada. Aukera paregabe baten aurrean gaude, kontsumitzaileek tokiko merkataritzaren alde egiten duten arrazoia balioan jarri eta hura eskaintzen eta hobetzen jarraitzeko beharrarekin batera.

 

Agian, erronka nagusia izango da belaunaldi berriak gurasoen negozioei erreleboa hartzera konbentzitzea?
Gazteen gehiengoak, merkatarien seme-alabak izan edo ez, ez du merkataritza-sektorea etorkizuneko irteera profesional gisa identifikatzen; ostalaritzan gertatzen den bezala, ez da lehen aukera, nahiz eta aukerak handiak izan. Horregatik, gizarte osoaren lana da –sektorearena bera, merkataritzaren alde lan egiten dugun eragileena, eta baita komunikabideena ere– gazteei sektoreak eskaintzen dituen aukerak erakustea, merkataritzaren balio handia azpimarratzea eta, azken batean, herritar guztiei egiten dien ekarpena agerian jartzea.

 

Zer ekarpen egiten dio merkataritzak Gipuzkoako gizarteari?
Asko, eta sektoreak aitortza merezi du. Gipuzkoan 40.000 lanpostu baino gehiago daude merkataritza-jarduerarekin lotuta, eta ia BPGaren %11ko ekarpena egiten du. Kopuru oso garrantzitsuak dira. Baina datu horiez gain, bere funtzio soziala azpimarratu behar da: merkataritzak ematen dio nortasun propioa gure hiriei eta herriei, komunitatea sortzen du, kaleei bizia ematen die, eta, bere konpromisoari esker, gure nortasuna sortzen eta mantentzen laguntzen du.

 

Gipuzkoako gizartea horretaz guztiaz jabetzen dela uste du, eta merkataritza txikiaren alde egiten du, hura zainduz?
Kontsumitzaileok gure erosketa-erabakien ondorioez jabetu behar dugu. Merkatua askea da eta erosteko aukera desberdinak daude. Gaur egun, gehienok offline eta online erosten dugu. Hala ere, gure ustez, azken erabakia hartzerakoan komenigarria litzateke kontuan hartzea ez bakarrik offline eskaintza, baizik eta gure tokiko merkataritzek eskaintzen duten online aukera ere, eta horren arabera egitea azken hautua. Horrekin, gu gipuzkoarrok gure merkatarien aldeko konpromisoa hartzearen garrantziaz ari naiz, azken finean gure auzokideak direlako eta gure lurraldean dihardutelako. Lerro berean, azpimarratu nahiko nuke belaunaldi berriek ere ulertzea zein garrantzitsua den gure ingurunearekiko konpromiso hori, gure hiri, herri eta auzo bizidunetaz gozatzen jarraitzeko.

 

Zer paper jokatzen du guztian Gipuzkoako Ganberak?
Ganberaren konpromisoa sektorearekin erabatekoa da. Gipuzkoako Ganbera irabazi-asmorik gabeko erakundea da, lurraldeko garapen ekonomikoa sustatzera bideratua.

 

Zein da gure helburua?
Gipuzkoako merkataritzaren interes orokorrak ordezkatzea, sustatzea eta defendatzea, aldi berean merkatariei zerbitzuak eskainiz, sektorea egunetik egunera lehiakorragoa izan dadin. Horretarako, merkatariei laguntza eskaintzen diegu hainbat arlotan: enpresen transmisioan (ez da zertan familiaren barruan izan behar), horrela merkataritza bideragarrien jarraipena bermatuz eta ekintzaile berriei etorkizuneko proiektuetara sartzeko aukera eskainiz. Eraldaketa digitalaren esparruan, marketin digitaleko laguntzaz gain, enpresa-kudeaketaren arlo desberdinak digitalizatzeko irtenbideak eskaintzen ditugu. Lehiakortasunari dagokionez, gero eta lehiakorragoak izan daitezen baliabideak eskaintzen dizkiegu, joerak ezagutuz eta sektorea norantz doan ikasiz, horrela egunetik egunera hobekuntzak egiteko aukera izan dezaten. Hazten jarraitzeko behar duten guztia eskaintzen diegu: estrategia berriak, negozio-eredu berriak, eta abar. Zerbitzu horiek guztiak garatzeko, Eusko Jaurlaritzak sustatutako programekin elkarlanean aritzen gara: eus-Commerce programa (eraldaketa digitalerako), Berriz Enpresa (enpresen jarraipenerako), Euskal Retail Eskola edo Banaketa Komertzialaren Behatokia –Enfokamer– (gaitasunaren eraldaketarako). Programa publiko horiez gain, merkatariek behar dituzten zerbitzu guztiak eskaintzen ditugu, aurrera egiten, eboluzionatzen eta lehen lerrora iristen jarrai dezaten, eskaintza erakargarri batekin eta baldintza onuragarrietan.

Cámara de Gipuzkoa Avda. de Tolosa, nº 75 - 20018 Donostia-San Sebastián Tel. +34 943 00 03 00 - info@camaragipuzkoa.com