Irekita dago Gipuzkoako OTEBen nazioartekotzea bultzatzeko 2026ko deialdia
Gipuzkoako Ganberak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak Gipuzkoako Oinarri Teknologikoko Enpresa Berrien (OTEB) nazioartekotzea sustatzeko programaren 2026ko edizio berria jarri dute abian.
Ekimenaren helburua da ezagutza eta teknologia balio erantsi handiko produktu eta zerbitzu bihurtzen dituzten enpresa gazte eta berritzaileen nazioarteko hedapena bizkortzea. Enpresa horiek funtsezko zeregina dute lurraldeko ehun ekonomikoa dibertsifikatzen, kalitatezko enplegua sortzen eta ekintzailetza-ekosistema indartzen.
Deialdia Gipuzkoan egoitza duten eta bost urte baino gutxiagoko antzinatasuna duten oinarri teknologikoko enpresei zuzenduta dago, nazioarteko merkatuetara jauzia eman nahi dutenei, laguntza eta aholkularitza espezializatuaren babesarekin.
Gipuzkoako Ganbera izango da programa garatzeaz arduratuko den erakundea, eta parte hartzen duten enpresei prozesu osoan zehar lagunduko die: hasierako diagnostikotik eta nazioartekotze-estrategiaren definiziotik hasi, eta xede-merkatu baterako egokitutako merkataritza-plana prestatu arte.
Programa hiru fasetan egituratzen da:
- Diagnostikoa eta plangintza. Enpresa bakoitzaren egoera aztertuko da, nazioartekotze-estrategia definituko da eta hautatutako merkaturako merkataritza-ekintza plana diseinatuko da.
- Laguntza espezializatua. Enpresek aholkularitza aditua jasoko dute aurreikusitako ekintzak gauzatzeko, bereziki marketinaren, sustapenaren eta nazioarteko merkaturatzearen arloetan.
- Gauzatzerako laguntza. Programak onartutako planean jasotako zenbait ekintza garatzeko laguntza ekonomikoa aurreikusten du, baita beste laguntza eta finantzaketa-iturri osagarrietara iristeko orientazioa ere.
Ekimen honen bidez, parte hartzen duten enpresek nazioarteko hedapenari ekin ahal izango diote ibilbide-orri argi batekin, aholkularitza espezializatuarekin eta atzerriko merkatuetan hazteko estrategiaren funtsezko ekintzak abian jartzeko beharrezko baliabideekin.
Informazio gehiago eta izen-ematea:
Jokin Zabala
Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.
943 000 291
