Gipuzkoako Ganberak Espainiak Koreako Errepublikan duen enbaxadorearen bisita jaso du
Donostia, 2026ko irailaren 16a – Gipuzkoako Ganberak Julio Herráiz España, Espainiak Koreako Errepublikan duen enbaxadorearen bisita jaso du, lurraldeko hainbat enpresarekin egindako bilera eta topaketen jardunaldiaren barruan.
Julio Herráiz Españak nazioarteko ibilbide zabala du, baita Asiarekin lotutako hainbat kargu ere. 2025eko uztailetik, Espainiak Koreako Errepublikan duen enbaxadorea da.
Topaketari esker, Koreako merkatuaren bilakaera eta eskaintzen dituen aukerak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan da, baita lankidetzarako bide posibleak aztertzeko eta Gipuzkoaren eta Korearen arteko harreman ekonomikoak sendotzeko ere.
Hego Korea interes bereziko merkatua da Gipuzkoarentzat, bi ekonomien arteko osagarritasunagatik. Industrian, teknologian eta berrikuntzan duen espezializazio handiak aukerak eskaintzen ditu hainbat arlotan, hala nola automobilgintzan, energian, makina-erremintan, industria aurreratuan, bioteknologian eta erdieroaleetan. Gainera, herrialdearen maila teknologiko altuak eta balio-kate globaletan duen integrazioak merkatu erakargarri bihurtzen dute, bai esportaziorako, bai aliantzak bilatzeko eta enpresen arteko lankidetzarako aukera berriak sortzeko.
Topaketan erakundeetako eta enpresetako ordezkariek parte hartu dute, besteak beste, Unai Andueza, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatua, eta Nagore Bonilla Gabarain, Basque Trade & Investment (BTI) erakundeko zuzendari nagusia.
Bisita Gipuzkoako Ganberaren jarduera instituzionalaren barruan kokatzen da. Ganberak aldizka hartzen ditu nazioarteko ordezkaritzak eta enbaxadoreak, Gipuzkoako enpresei merkatu berriak hurbiltzeko eta negozio-aukerak zein nazioarteko lankidetza sustatzeko helburuarekin.
