• Hasiera
  • Prentsa
  • Albisteak
  • Mondragon Unibertsitateak eta Gipuzkoako Bazkundeak MBA Executive masterraren 15. urteurrena ospatu dute

Albisteak

Mondragon Unibertsitateak eta Gipuzkoako Bazkundeak MBA Executive masterraren 15. urteurrena ospatu dute

  • Bi erakundeek ekitaldi bat antolatu dute Donostian, eta ikasle ohiak izan dira bertan
  • 15 urte hauetan, master honek 300 profesional inguru prestatu ditu, enpresa-ingurunearen erronka berriei erantzuten dieten gaitasunak eta trebetasunak eskuratu dituztenak
  • Azken 15 urteetan titulua lortu duten parte-hartzaileen % 90 ETEetako, kooperatibetako, familia-enpresetako eta enpresa handietako profesionalak dira, batez ere Gipuzkoakoak

Donostia – 2024ko irailaren 27a. Mondragon Unibertsitateak eta Gipuzkoako Bazkundeak MBA Executive Masterraren 15. urteurrena ospatu dute Donostian egindako ekitaldi batean. Titulu horrek 300 profesional inguru trebatu ditu 15 urteko ibilbidean, eta funtsezkoa izan da enpresa-ingurunearen erronka berriei erantzuten dieten gaitasunak eta trebetasunak garatzeko. 
 
Esperientziak partekatu dituzten ikasle ohiak izan dira jardunaldian, eta masterra amaitu zutenetik izan duten garapen profesionalari buruzko gogoeta egin dute. Era berean, Pablo Jiménez digitalizazioan eta marketin teknologikoan adituak ere hitzaldia eman du jardunaldian, eta etengabe aldatzen ari den mundura egokitzearen garrantzia azaldu du. Hainbat sektoretan duen esperientziarekin, Jimenezek bere ikuspegia partekatu du Adimen Artifikala eta tresna digitalak enpresa-panorama eraldatzen ari direla eta joera horiek profesionalentzat dakarten aukera aztertzen. 
 
Etengabeko bilakaeran dagoen masterra 
Hasiera-hasieratik, Gipuzkoako zuzendarien eta profesionalen gaitasunak hobetzea izan du helburu MBA Executive-k, urtero tokiko ehun ekonomikoaren beharretara egokituz. Urte hauetan, programa eguneratu egin da konplexutasunak, ziurgabetasunak eta globalizazioak definitzen duten testuinguru ekonomikoaren ezaugarriei erantzuteko. Helburuen artean honako hauek nabarmentzen dira: enpresaren eta kudeaketaren ikuspegi globala eta estrategikoa ematea bere zeregin guztietan; erabakiak hartzeko gaitasuna eta taldeen lidergoa hobetzea; ekimen ekintzailea indartzea eta berrikuntza eta aldaketa bultzatzea jarrera pertsonal eta profesional gisa; enpresaren kudeaketa komertzial, finantzario eta estrategikorako tresnak ematea; eta norberaren garapena eta lanbide zirkulu bat eraikitzea. 
 
Azken 15 urteetan MBA Executive masterra egin duten parte-hartzaileen % 90 profil teknikoetatik datoz, 30 eta 50 urte bitarteko batez besteko adinarekin eta gutxienez 5 urteko esperientzia profesionalarekin. Gehienak ETEetako, kooperatibetako eta familia-enpresetako profesionalak dira, bai eta enpresa handietakoak ere, batez ere Gipuzkoakoak. 

Cámara de Gipuzkoa Avda. de Tolosa, nº 75 - 20018 Donostia-San Sebastián Tel. +34 943 00 03 00 - info@camaragipuzkoa.com