• Hasiera
  • Prentsa
  • Albisteak
  • Mondragon Unibertsitateak amaiera eman dio MBA Executive masterraren XVI. edizioari

Albisteak

Mondragon Unibertsitateak amaiera eman dio MBA Executive masterraren XVI. edizioari

  •  Atzo egin zen tituluak banatzeko ekitaldia, Gipuzkoako Bazkundeko lehendakari Mauricio Arregui eta Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxa buru zirela
  • 16 urtean, 260 profesional baino gehiago igaro dira MBA master horren geletatik
  • MBA Executive Gipuzkoako Bazkundearen egoitzan eskaini dute, urtebetez

Donostia-San Sebastián, 2026eko maiatzeren 15a. Gipuzkoako Ganberak eta Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateak, 2009an masterra bultzatu zutenek, atzo egin zuten MBA Executive masterraren hamaseigarren edizioaren amaiera-ekitaldia.

Ekintza 18:00etan hasi zen, Mauricio Arregui Gipuzkoako Bazkundeko lehendakariaren eskutik. Ondoren, Txema Muñoz Grupo Campezoko gerenteak hitzaldia eman zuen (2026an Gipuzkoako Enpresa saria jaso zuen enpresakoak), eta, segidan, diplomak banatu zitzaizkien programaren edizio hau arrakastaz amaitu duten ikasleei. Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektorearen hitzaldiak amaitu zuen ekitaldia.

XVI. edizioan graduatu diren profil profesionalek MBA Executive masterraren aniztasuna eta diziplinartekotasuna islatzen dute; izan ere, ingeniaritzako, kimikako, marketineko, enpresa-kudeaketako eta beste arlo batzuetako profesionalek egin dute.

Parte-hartzaileek industriaren eta zerbitzuen sektoreetako enpresetan egiten dute lan, ardura-postuetan. Lanbide-esperientzia handia eta ikuspegi desberdinak dituzte denek, eta askotariko ibilbide akademiko eta profesionalak.

Programan, ikasleek enpresaren arlo funtzional nagusiak jorratu dituzte —finantzak, estrategia, marketina, eragiketak, berrikuntza eta pertsonak—, eta lidergoarekin, taldeen kudeaketarekin eta erabakiak hartzearekin lotutako gaitasunak garatu. Eta, bide horretan, unibertsitate-, enpresa- eta aholkularitza-esperientzia uztartzen dituen diziplina anitzeko irakasle-talde baten laguntza izan dute.

Helburuak

Eraldaketa pertsonal eta profesionala bilatzen du MBA Executive programak. Erabakiak hartzeko, talde-lanerako eta proiektuak eta pertsonak zuzentzeko gaitasunak sustatzen ditu, eta berrikuntza eta aldaketa bultzatu, erakundeen barruko funtsezko jarrerak diren aldetik.

Halaber, enpresaren ikuspegi integral eta sistemikoa ematen du programak, eta egungo kudeaketa-erronkei aurre egiteko beharrezkoak diren tresnak sendotzen ditu, gero eta konplexuagoak, nazioartekoagoak eta aldakorragoak diren inguru hauetan.

Balorazio positiboa

MBA Executive masterraren edizio honek oso balorazio positiboa jaso du Gipuzkoako Bazkundearen eta Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatearen aldetik. Orain arteko 16 edizioetan 260 profesional baino gehiago prestatu ondoren, bi erakundeek berretsi egin dute prestakuntzaren eta zuzendaritza-talentua garatzearen bidez Gipuzkoako enpresa-sarea indartzeko konpromisoa.

Hurrengo edizioa

MBA Executive masterraren hurrengo edizioa 2026ko udazkenean hasiko da. Programari buruzko xehetasun gehiago jakin nahi dutenek onlineko informazio-saio batean hartu ahal izango dute parte, 2026ko maiatzaren 21ean, 17:30etik 18:30era. Masterraren helburuak, metodologia eta ikuspegi praktiko eta eraldatzailea aurkeztuko dira hartan.

Mondragon Unibertsitateko MBA Executive masterrari buruzko informazio gehiago

Informazio gehuago saioan izena emateko

 

Cámara de Gipuzkoa Avda. de Tolosa, nº 75 - 20018 Donostia-San Sebastián Tel. +34 943 00 03 00 - info@camaragipuzkoa.com