• Hasiera
  • Prentsa
  • Albisteak
  • Gipuzkoako Ganberak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun departamentuak deskarbonizazioa bultzatzeko finantzaketa bide nagusiak hurbildu dizkiete enpresei

Albisteak

Gipuzkoako Ganberak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun departamentuak deskarbonizazioa bultzatzeko finantzaketa bide nagusiak hurbildu dizkiete enpresei

2026ko uztailaren 15a, asteazkena – Donostia. Gipuzkoako Ganberak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak gaur goizean "Enpresen deskarbonizaziorako finantzaketa-tresnak" jardunaldia egin dute. Bi erakundeek elkarlanean antolatutako topaketaren helburua izan da Gipuzkoako enpresei deskarbonizazio-proiektuak bultzatzeko eta negozio-eredu lehiakorrago, eraginkorrago eta jasangarriagoetara aurrera egiteko eskuragarri dauden finantzaketa-tresna nagusiak ezagutaraztea.

Jardunaldian finantza-erakundeetako, erakunde publikoetako eta enpresa espezializatuetako ordezkariak bildu dira. Horiek guztiek deskarbonizazio-helburuak proiektu bideragarri, neurgarri eta finantzagarri bihurtzeko tresnak eta mekanismoak aurkeztu dituzte, eta inbertsio mota horiek gauzatzeko dauden aukera nagusien ikuspegi praktikoa eskaini dute.

Gipuzkoako Ganberako zuzendari nagusi Javier Zubiak azpimarratu duenez, «Ganberan urteak daramatzagu jasangarritasunari arreta berezia eskaintzen; izan ere, erantzukizuna izateaz gain, gure enpresen lehiakortasuna hobetzeko palanka ere bada. Gure helburua enpresei prozesu horretan laguntzea da, tresna erabilgarri eta praktikoak eskainiz —jardunaldi hau, esaterako—, deskarbonizazio-proiektuei arrakasta handiagoz aurre egin ahal izan diezaieten».

Bestalde, Jose Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuak nabarmendu duenez, «Deskarbonizazioa benetako industria-politika bihurtu da. Emisioak murrizten dituzten, energia-eraginkortasuna hobetzen duten eta berrikuntza txertatzen duten enpresak izango dira lehiakorrenak. Gure konpromisoa trantsizio horretan enpresei laguntzea da, proiektuen, finantzaketaren eta tresnen bidez, trantsizio hori Gipuzkoarentzat industria gehiago, enplegu gehiago eta aukera gehiago bihur dadin».

Jardunaldiak bi mahai-inguru izan ditu enpresen deskarbonizaziorako finantzaketa-aukeren ikuspegi integralaren inguruan. Lehenengoan, inbertsioa babesteko finantza-tresna eta laguntza-mekanismo nagusiak izan dituzte hizpide; bigarrenean, berriz, proiektu mota horiek bultzatzeko tresna osagarriak aztertu dira, hala nola Energia Aurrezteko Ziurtagiriak (CAE), energia-eraginkortasuna eta aurrezki- zein inbertsio-ereduak.

Horretarako, jardunaldiak erreferentziazko erakunde eta enpresetako profesionalak bildu ditu, besteak beste, Banco Sabadell, Elkargi, Ihobe, Sofiver, Encore Efficiency SE, Stratenergy eta OCA Globaleko ordezkariak. Bertaratutako enpresekin deskarbonizazio-helburuak proiektu bideragarri eta finantzagarri bihurtzeko dauden aukera ezberdinen inguruko esperientzia eta ezagutza partekatu dituzte.

Jardunaldiari amaiera emateko, networking gune bat antolatu da, eta horri esker enpresek esperientziak partekatu eta parte hartu duten adituekin zalantzak zuzenean argitzeko aukera izan dute.

Horrelako ekimenen bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Ganberak lurraldeko enpresa-sareari laguntzeko duten konpromisoa berretsi dute, deskarbonizazioa bizkortzen, enpresen lehiakortasuna indartzen eta ekonomia-eredu jasangarriago eta erresilienteago baterantz aurrera egiten lagunduko duten tresnak eta ezagutza enpresen eskura jarriz.

Cámara de Gipuzkoa Avda. de Tolosa, nº 75 - 20018 Donostia-San Sebastián Tel. +34 943 00 03 00 - info@camaragipuzkoa.com